«Jendeak nigan sinesten duela sentitzen dut»
Emaitza apartak lortuta amaitu du denboraldia Alvaro Romero snowboarder gazteak. Donostiarra hirugarren sailkatu zen junior mailako munduko txapelketan, martxoaren amaieran, eta joan den astean, Espainiako Txapelketa eskuratu zuen seniorretan. Orain arteko denboraldirik onena osatu du.
Unai Ugartemendia.
2021eko apirilak 20
Sant Cugateko Goi Errendimenduko Zentroan (Bartzelona, Herrialde Katalanak) dago Alvaro Romero snowboarderra (Donostia, 2003). Urteko egun gehienak kanpoan igaro ondoren, egun batzuk lasai egoteko aukera izango du orain Kataluniako hiriburuan. Amestutako denboraldia osatu ondoren, denboraldiari errepasoa eman nahi izan dio
Nola amaitu duzu sasoia?
Irudikatzen nuen bezain ondo amaitu dut denboraldia. Jokatu ditudan azken bi lasterketak junior mailako munduko txapelketa eta Espainiako Txapelketa izan dira. Munduko Txapelketan helburu nagusia podiumean egotea zen, nahiz eta jakitun geunden oso zaila izango zela; izan ere, maila handia zegoen. Hasieratik onenekin lehian aritu nintzen, eta, azkenean, hirugarren amaitzea lortu nuen. Espainiako Txapelketan, berriz, seniorrekin lehiatu nintzen. Lucasek [Egibar ] ez zuen parte hartu, eta denentzat errazagoa izan zen. Irabazteko gai izan nintzen. Ezin nion gehiago eskatu denboraldi amaierari.Oso gustura nago.
Asko nabaritzen al da nekea denboraldiaren amaieran?
Zerbait bai, baina ez da hainbesterako. Agian denboraldiaren hasieran solteago nengoen, baina ez dut hainbeste nekerik sentitzen. Sasoiko nagoela esango nuke. Denboraldi osoan ez da asko aldatzen nire errendimendua. Indarrak nahiko ondo berreskuratzen dituen horietakoa naiz.
Aipatu duzun Espainiako Txapelketan, gehienentzat zu zinen faborito argia.
Bai, hala izan zen.Baina Lucas [Egibar] ez egoteak ez zuen esan nahi erraz irabaziko nuenik. Izan ere, behin lasterketa hasita, aldagai asko daude. Jendeak nik irabaztea espero zuen, baina beste aurkariak ere oso indartsu ikusi nituen. Finalean, gainera, ez nuen batere irteera ona egin. Bigarren joan nintzen denbora askoan, baina lehen postuan zihoan aurkariak eroriko bat izan zuen, eta hura aurreratzeko gai izan nintzen, oso gutxigatik izan bazen ere. Finala kaos bat izan zen, baina lehen postuari eutsi nion.
Nola kudeatzen da faborito izatea?
Niri asko gustatzen zait faborito izatea. Presioa nahiko ondo kudeatzen dut. Azken Munduko Txapelketan eta iazko Gazteen Olinpiar Jokoetan bazekiten lan ona egin nezakeela, eta aldiro gogorarazten zidaten. Egia da egunero esaten ibiltzea ez dudala hain gustuko, baina, aldi berean, oso adi egotera behartzen nau. Kosta ala kosta, ondo egin behar ditut gauzak. Baina, aldi berean, dena ondo ateratzen ez bada, etsipena areagotu egiten da. Horiek dira txanponaren bi aldeak.
Ez da erraza izango 17 urterekin denen ahotan egotea. Nola daramazu?
Oraindik badakit gauza asko ditudala ikasteko, eta hasi berri bat naizela. Ez dut asko sinetsi nahi. Gauzak gutxinaka egin nahi ditut, eta argi daukat ni saiatuko naizela. Baina gauzak atera behar duten bezala aterako dira; hori argi daukat. Ez nuke nahi joaten naizen txapelketa guztietan jendeak pentsatzea irabazi egingo dudala. Sinatuko nuke horrela izatea, baina badakit gauzak edozein unetan alda daitezkeela.
Azken txapelketa amaitu bezain laster, adierazi zenuen hurrengo denboraldia noiz hasiko zain zeundela. Gogotsu amaitu duzu sasoia?
Bai, izugarri atsegin dut lehiatzea! Oso txikitatik ditut gustuko lasterketa aurreko grina eta tentsioa. Eski alpinoan lehiatzen nintzenean, irteera aurreko urduritasuna eta lehiatzeko nahia atsegin nituen, eta snowarekin ere berdin jarraitzen dut. Horregatik esan nuen berriro ere lehiatzeko irrikaz nengoela. Entrenatzen ere bikain pasatzen dut, baina ez da sentsazio bera.
COVID-19ak zertan aldatu zuen zure denboraldia?
Iaz ezin izan genuen denboraldia amaitu. Besteak beste, ez genuen jokatu junior mailako munduko txapelketa. Aurten, berriz, ohi bezala, abenduan hasi behar genuen, baina urtarrilera arte ez genion ekin sasoiari. Ez genekien zein lasterketa jokatuko ziren, noiz arte lehiatu ahal izango ginen, noiz amaituko genuen denboraldia… Dena airean egon da, eta uneoro edozertarako prestatuta egon behar izan dugu. Lehen lasterketatik gauzak ondo egin behar nituela erabaki genuen, eta oso-oso indartsu hasi nintzen.
Aipatu duzun zalantza egoera horrek uneoro sasoi betean egotera eraman zaitu?
Bai, ez nuen beste aukerarik. Edozein unetan denboraldia amaituko zela entzuteko prest egotera behartuta egon gara. Suitzan lasterketa bat genuela edo Munduko Kopan lehiatu behar ginela esaten ziguten moduan, etxera joan behar genuela entzuteko ere prest egon gara. Oso zaila da egoera horretan lehiatzea.
Lortutako emaitzak kontuan hartuta, amestutako denboraldia izan al da?
Beti hobetu daiteke, baina baietz esango nuke. Europako Kopan lehen podiuma lortu dut, eta aurrerapauso handia izan da hori niretzat. Iaz, lehen 30en artean sartzea zen helburua; aurten, berriz, batean bosgarren izan intzen; bestean, bigarren… Nire lehen FIS lasterketa ere irabazi nuen Austrian, eta iaz Frantzian irabazi nuen lasterketa bera irabazteko gai izan naiz juniorretan. Horretaz gain, munduko junior txapelketan hirugarren izan naiz, eta lehenbizikoz irabazi dut Espainiako Txapelketa. Halere, seniorrekin jokatu dudan Munduko Koparekin arantza txiki bat geratu zait. Estreinakoz lehiatu nintzen seniorrekin Suedian, eta izugarria izan zen. Besteak beste, Lucas Egibar han zen. Ez nuen zorte handirik izan, egia esan. Lehen saioan ondo aritu nintzen, baina bigarrenean erori egin nintzen, eta aukera guztiak galdu nituen sailkatzeko. Amorru handiarekin amaitu nuen. Austriako lasterketan ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Datorren urterako zor txiki bat daukat Munduko Koparekin.
Halere, ezin da ahaztu 17 urte besterik ez duzula.
Bai, bai, oraindik oso gaztea naiz [barrezka]. Ikasteko urtea izan da aurtengoa, zalantzarik gabe. Munduko Kopa batean lehiatzea zer den ikasteko aukera izan dut, eta alde horretatik oso pozik nago.
Denboraldiaren hasieran espero al zenuen lortu duzun guztia lortzea?
Banekien aukerak izango nituela, baina dena pikutara joateko arriskua ere hor zegoen. Esaterako, munduko junior txapelketara joan nintzenean, jakitun nengoen faborito argia Eliot Grondin kanadarra zela. Seniorrekin bigarren izan zen Munduko Kopako sailkapen orokorrean. Ni, berriz, banekien lehen bosten artean ibil nintekeela. Ez nuen espero podiumean egotea, baina dena alde izan nuen. Urte hasieran nituen helburu ia guztiak bete ditut. Oso pozik nago.
Emaitza batekin gelditzeko eskatuz gero, zein aukeratuko zenuke?
Oso galdera zaila da erantzuteko. Agian, munduko junior txapelketakoa aukeratuko nuke. Jokatu dudan lasterketarik handiena izan da. Telebistaz ere eman zuten. Errusian izan zen, eta guztiok oso gogotsu geunden. Hirugarren sailkatzea izugarria izan zen. Taldean harreman oso ona dugu, eta ospatzera ere denak elkarrekin joan ginen.
Orain dela bost urte, snowean hasi zinenean, nork esan behar zizun horrelako emaitzak lortuko zenituenik, ezta?
Hala da, bai! Hiru urte dira lehiatzen hasi nintzela. Espainiako Kopa batean izan zen. Laugarren amaitu nuen eroriko baten ondorioz. Hurrengo urtea ere nahiko txukuna izan zen, eta Espainiako Federaziotik deitu ninduten haiekin aritzeko. Geroztik, dena ezin hobeto irten da.
Lehen aipatu duzu eski alpinoan egin zenituela urte batzuk. Zergatik erabaki zenuen uztea?
Aspertu egiten nintzela sentitzen nuen. Aitak ordurako snowa egiten zuen, eta ni ere askotan harekin joaten nintzen. Halako batean, konturatu nintzen snowarekin gehiago gozatzen nuela, eta geroztik mundu honetan murgilduta nabil.
Oso denbora gutxian emaitza on asko pilatu dituzu. Halere, 2020an Suitzan jokatutako Gazteen Olinpiar Jokoen ondoren egin zinen ezagun.
Halaxe izan zen. Orduan ez nintzen hain ezaguna, eta faboritoen artean ere ez nengoen. Hirugarren amaitu nuen, eta, han lortutako emaitzari esker, jauzi handia egin nuen.
Zure lorpenak kontuan hartuta, azkenaldian Lucas Egibarrekin alderatu zaituzte askok. Zer du horrek onetik zuretzat?
Iaz hasi ziren harekin alderatzen. Biak donostiarrak gara; Espainiako Kopan hasi ginen; nahiko ibilbide antzekoa egindakoak gara… Lucas gutxinaka aurrerapausoak emanez joan da aldiro, eta gaur egun munduko onena da snowboardean. Egiari zor, izugarrizko ilusioa egiten dit harekin alderatzen nautenean. Horrek esan nahi du jendeak pentsatzen duela ni ere hark lortu dituen gauzak lortzeko moduan nagoela, nigan sinesten dutela. Haren lorpenak izugarriak dira. Ibilbidea ikusi besterik ez dago! Hori kontuan hartuta, errespetu handia sortzen dit konparaketak. Baina, esan bezala, gustura hartzen dut.
Eta biak alderatzearen gauzarik txarrena zer da?
Presio handia sortzen didala! Beldurra ere ematen dit alderaketak. Jendeak nigan esperantza handia dauka jarrita, baina oso posible da Lucasek lortu dituen garaipenak inoiz ez lortzea.
Harreman handia al daukazu harekin?
Bai. Azken urtean hasi naiz batez ere harremana izaten. Udan batera egon ginen entrenatzen Suitzan, eta niretzat harekin entrenatzen ibiltzea opari handi bat izan zen. Munduko onena da. Izugarria da nola entrenatzen duen ikustea, eta harekin jaitsierak egitea. Uneoro ikasi egiten duzu. Asko erreparatzen diet hark egiten dituen gauzei. Oso erraz egiten ditu gauza asko, eta badirudi ez zaiola batere kostatzen: esaterako, bihurguneak hartzeko garaian egiten dituen mugimendu ezberdinak. Asko ematen digu harekin ibiltzeak. Ahal duen gauza guztietan laguntzeko prest egoten da. Beti esaten digu: «Noizbait laguntza behar baduzue, eskatu lasai».
Datorren urterako zerekin amesten duzu?
2022an Pekinen jokatuko diren Olinpiar Jokoetan parte hartzearekin amesten dut, baina badakit ia ezinezkoa izango dela han egotea. Senior mailan lehiatu beharko nuke, eta nahiz eta jakitun nagoen oso-oso zaila izango dela, saiatu egingo naiz. Oraindik ez dakit nire entrenatzaileek zer nahi duten datorren denboraldirako. Ez banaiz joaten, ez da ezer pasatuko. Oraindik oso gaztea naiz, eta aukera gehiago izango ditut etorkizunean. Olinpiar Jokorik ezean, Europako Kopa irabazten saiatu nahi dut. Nire ibilbiderako oso garrantzitsua litzateke.
Goi mailako kirola eta ikasketak uztartzea tokatzen zaizu. Nola daramazu?
Uste baino hobeto, egia esan. Iazko ikasturtera arte, Donostiako San Patricio ikastetxera joaten nintzen, baina eskola arrunt batean oso zaila egiten zitzaidan biak uztartzea. Denbora asko pasatzen dut kanpoan, eta hona etortzen nintzen aldiro azterketak izaten nituen. Dena nire kontura ikasi behar izaten nuen, eta, kurtsoa aurrera atera nuen arren, gauza ez zen batere erraza izan. Aurten, berriz, Bartzelonan egonda, ikasketak Internetez egitea erabaki dut. Batxillergoko bigarren ikasturtean nago, eta bi urtean egitea erabaki dut azkenean. Lasaiago ibiltzeko aukera izan dut aurten.