«Europako txapelketetara iritsi nahi dut, horretarako lan handia egin behar dut»

Paul Oiartzabal Mendibil Eskiatzailea
Paul Oiartzabal, eskiatzaile oiartzuarra.

GOIZARIN

oiartzun.

Etorkizun handiko kirolariak daude Oiartzunen. Euren onena ematen ari dira, lan handia eginez. Entrenamenduz entrenamendu mailarik onena lortzeko gaitasuna erakusten duten kirolariak, hain zuzen. Pasa den astean, urrutira joan gabe, Paul Oiartzabal Mendibil eskiatzaile oiartzuarrak Espainiako txapelketan hirugarren amaitu zuen Sierra Nevadan (Granada) jokatu zen Ski Freestyle kategorian. Akrobazia saltoak egitean trebezia, berezkotasuna eta sormena uztartzen bizkorra da kirolari gaztea. Irakasle ona du etxean, Maialen Oiartzabal arreba zaharrena hain zuzen; izan ere, Europako rankingean 3. postua lortu zuen oiartzuarrak. Etxeko gaztearekin elkartu gara eta hauxe da harilkatu dugun elkarrizketa.

–Oso ttikitan hasi zinen eskiatzen.

 

–Bai, halaxe da. Orain 15 urte ditut eta eskiatzen ttiki-ttikitatik hasi nintzen, bi urterekin zehazki. Nire familian oso ohikoa izan da betidanik neguan eskiatzera joatea, aitak gaztetan ere eskiatzen zuen eta ohitura horri jarraituz arreba eta biok segituan hasi ginen.

————————————————————————————————————————————————————–

COVID-19«Denboraldi honetan hamar egunez soilik joan naiz eskiatzera; horrek nahitaez eragina izan du txapelketen emaitzetan»IKASKETAK«Bidaian ordu asko igarotzen ditut eta ikasketak modu egoki batean kudeatzeko oso ongi antolatu behar dut»

————————————————————————————————————————————————————–

–Lehen jaitsierak non egiten zenituen gogoratzerik bai?

–Bai, gu gehienbat Frantziara joan ohi gara eskiatzera eta bertan izan ziren. Barèges-La Mongieko eski estazio handian hasi nintzen. Okzitaniako Pirinioetan dago, Tourmalet mendate ezagunean. Inguru horretan, eskiatzeko kilometro gehien daukan estazioa da.

–Hortaz, bi urterekin eskiatzen hasi zinenetik negu oro joan al zara?

–Bai, esango nuke negu guztietan izan naizela eskiatzen, ia asteburu guztietan. Eski estazioa Oiartzundik 3 ordura dago kotxez; hortaz, ostiral arratsaldean, Ikastola amaitutakoan ateratzen ginen hemendik beste bi familiarekin batera asteburu pasa elurretara.

–Zein esango zenuke dela gaur egun zure eski-estaziorik gustukoena?

–Andorrako Vallnord estazioa esango nuke; izan ere, nik gehien praktikatzen dudan modalitaterako oso erosoa da. Bertara joaten naizenean asko gozatzen dut, nahiz eta 6 ordu inguru igaro bidaiatzen.

–Free Style modalitatea praktikatzen noiz hasi zinen?

–Hasieran familiarekin joaten nintzen Okzitaniako Piriniotako estazio horretan eski alpinoa praktikatzen nuen. Hala ere, noizbehinka eta baita oso txikia nintzenetik ere, salto batzuk egiten hasi nintzen eta asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Beraz, estazioko free style parkean aritzea zen nire gustukoa. Horrez gain, nire arrebak estazioko gazteen taldetxo batean ere izena eman zuen eta berarekin ere aritzen nintzen salto batzuk burutzen, nahiz eta nik talde horretan izenik ez eman.

–Nola hasi zinen lehiaketetan parte hartzen?

–Aipatutako estazio horretan noizbehinka txapelketa modukoak antolatzen ziren. Txapelketa horietan truku polit bat egiteagatik kamisetak eta beste zenbait opari ematen zituzten eta sei urterekin hasi nintzen pixkanaka mundu horretan murgiltzen, dibertitzeko helburuarekin parte hartzen nuen. Duela hiruzpalau urte Andorrara joaten hasi ginen, nire arreba bertan hasi zen modu profesionalean lehiatzen eta hari jarraiki joaten nintzen bertara. Ni gazteegia nintzenez ezin nuen oraindik txapelketa horietan parte hartu, baina 12 urte nituenean, infantil garaian, ni neu ere hasi nintzen.

–Nolakoak dira egin behar dituzun entrenamenduak?

–Erorketa asko egoten direnez eta horiek ongi jasateko egoera fisikoa asko zaindu behar da. Hortaz, gehienbat prestakuntza fisikoa burutzen dut. Etxean nire aldetik lantzeaz gain Andorrako A360Extreme zentroan ere burutzen ditut entrenamenduak. Gimnasio moduko horretan ohe elastikoak, espumaz osatutako igerilekuak… daude eta bertan patinekin praktikatzen ditugu salto mota ezberdinak. Horrela, udaran eta elurretan aritu ezin dugunean bertan entrenatzen dut. Andorrara joaten naizenean ia egun guztia pasatzen dut zentro horretan entrenatzen. Horretaz gain, nire etxean ohe elastiko bat ere badut eta bertan saltoka aritzen naiz.

–12 urterekin konpetitzen hasi zinenetik parte hartutako konpetizioak gogoan al dituzu?

–Andorran hasi nintzen lehiatzen eta, nahiz eta Katalunian bi txapelketa burutu, gehienak bertan izan dira. Hasieran, 12-13 urte nituenean, orokorrean lehenengo hiruren artean kokatzen nintzen. Lehengo urtean, aldiz, lehenengo bosten artean sailkatu nintzen eta aurten ere lehenengo hiru eta lehenengo seien artean amaitu dut.

Aurtengo txapelketako bat Port Ainé-n izan da, Katalunian. Bertan bi konpetizio izan ziren eta bigarren eta hirugarren geratu nintzen. Horren ondoren, Andorran jokatu nuen beste txapelketan seigarren sailkatu nintzen. Azken txapelketa Espainian izan da, Sierra Nevadan, aurreko asteburuan. Espainiako Txapelketa zen eta sailkapen absolutuan seigarren geratu nintzen eta 17 urtetik beherakoen artean, berriz, hirugarren.

–Hortaz, denboraldi honetako txapelketak jada amaitu dira?

–Bai, nik ditudan txapelketak amaitu ditut. Europa mailan oraindik badaude konpetizio batzuk jokatzeke, baina ni oraindik ez naiz iritsi maila horretan aritzera. Orain aurre denboraldia dator eta, ondorioz, datorren denboraldiari begira etxean arituko naiz nire fisikoa indartzen eta prestatzen. Nire helburua, ikasketekin batera uztartuz, astean zehar egunero ordu bat inguru entrenatzea litzateke, nahiz eta zenbaitetan horretara iristea zaila izan. Asteburuetan, aldiz, bi ordu inguru eskaintzen dizkiot entrenamenduari.

–Zurekin lehiatzen diren beste kirolariak nongoak dira?

–Orokorrean gehiengoa kataluniarra da. Ohitura eta afizio handia du eski modalitate honek bertako gazteen artean; izan ere, han eski estazio ugari dago eta negu oro joan ohi dira bertara eskiatzera eta entrenatzera.

–Zein da zure entrenatzailea?

–Nire aitak entrenatu nau nire ibilbide osoan zehar. Orain, nire arreba goi mailako kategorian dabilenez eta bere entrenatzaile pertsonala duenez, berak ere asko laguntzen dit teknika eta ariketa ezberdinak burutzen, berak ikasitakoa niregan aplikatzen du.

–Erraza al da zure egunerokotasuna, ikasketak eta eskia uztartzea?

–Ez, ez da batere erraza. Bidaian ordu asko igarotzen ditut eta ikasketak eta nire egunerokotasunean egiten ditudan ekintzak modu egoki batean kudeatu nahi baditut oso ongi antolatu behar dut. Lehiatzera joateko bidaia luzeak egiten ditut eta horietan ikastolako lanak burutzen ditut. Nekagarria bada ere, asko gustatzen zait.

–Aurrera begira zein helburu duzu?

–Orain arte ez dut nahi bezainbeste entrenatu, Covid-19ak eragindako pandemia dela medio. Hortaz, nire helburu nagusietako bat gehiago entrenatzea da eta nire gorputza txapelketetarako behar bezala prestatzea. Nire ametsetako bat Europako txapelketetara iristea da eta horretarako lan handia egin behar dut.

–Covid-19aren ondorioz dugun pandemiak asko eragin al du zure prestaketan?

–Bai, bete-betean. Nire entrenatze prozesua guztiz zaildu du. Denboraldi honetan hamar egunez soilik joan naiz eskiatzera eta nire aurkariak, eskiatzeko estazioak etxetik gertu dituztenez, gutxienez berrogei aldiz aritu dira. Horrek, nahitaez eragina izan du txapelketen emaitzetan. Euskal Herriko Federazioak emandako baimenari esker joan gaitezke bertara entrenatzera, baina egoera ez da berdina izan guztiontzat.

–Badakigu familian kirolari profesional bat ere baduzula, Maialen Oiartzabal eskiatzailea hain zuzen.

–Bai, nire arreba primeran dabil. Orain, operatu berria dago, ezker eskuko behatz bateko lotailua apurtu baitzuen. Zorte txarreko lesio hori pairatu aurretik maila ikaragarrian zebilen Europako top 5-en artean. Andorran bizi da gaur egun eta Espainiako federazioak esleitutako entrenatzaile bat du maisu moduan. Orain, lesionatua dagoenez gehienbat ikasketetan murgildurik dabil.

–Zure lagunek zer diote? Ba al dago beraien artean eskiatzen duenik?

–Nire lagunen artean, orokorrean, ez dago eskiatzeko ohitura handirik. Badago eskiatu izan duenik, baina konpetizio munduan ez da inor ibili. Gehienbat futbola, esku pilota, saskibaloia burutzen dute… Nik ordea, nire familian beste ohitura batzuk zeudelako, eskiatzea dut gustuko eta oso zorteko sentitzen naiz horregatik.

es_ESEspañol